Kaixo, gu Egape ikastolako IRAES21 taldeko partaideak gara. Olatzek, Naiak, Maddik, Xantik, Nahiak eta Sergiok osatzen dugu taldea. 4.DBH eta 3.DBHko ikasleak gara, eta aurten ere, zuekin lan egiteko gogo askorekin gatoz!!
Ikastolan hainbat ekintza burutzen ditugu. DBH 3. eta 4. mailako ikasleok, patata tortila bokaten salmenta antolatzen dugu asteazken eta ostiralero jolas-orduetan, janari subiranotasunaren alde jokatuz. Tortila guztiak, izan ere, bakoitzak etxean eta bertako produktuekin eginak dira.
Aipatzekoak dira birziklatzearen alde egiten ditugun lan txikiak. Tutoretza saioetan adibidez, sailkatuta jasotako zaborra, edukiontzi handietara ateratzen dugu. Talde txikietan antolatzen dugu birziklatzearen ardura.
Bestetik, eskolako sarrera eta pasiloetan “txoko berdeak” ditugu. Bertan, ingurumenarekin zerikusia duten lan edota proposamenak jartzen ditugu. Gainera, sarrerako txoko batetan jarrera desegokien argazkiak erakusten ditugu (lurrera norbaitek botatako platano azalak edo pipa azalak adibidez) gaizki egindakoaz jabetzeko.
IRAES-eko lanak ere “Txoko Berdeetan erakusten ditugu eta baita Ikastolako web orrian ere familiek gure lanaren berri izan dezaten. Aurten ekimen berri bat antolatzen ari gara IRAES taldekoak: “ARGAZKI SALTSA”. Helburua gure ingurunea hobeto ezagutzea da eta bertako biodibertsitatea argazkietan jasotzea proposatzen dugu. Ondoren bildutako argazkiak ikastolako hormetan eta web orrian erakutsiko ditugu. Ikusten duzuen bezala, gogo handiz hasi dugu ikasturtea eta gure esperientzia zuekin guztiokin partekatzeko asmoa dugu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Zure komentarioa, iritzia, proposamena... hemen idatz dezakezu: