BILBO, 3 (EUROPA PRESS)
II. CONFINT TOPAKETAN IZANGO DIRA
Urkulluk Ingurumen Esparru Programa berrian parte hartzera animatu ditu gazteak
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bere gobernua prestatzen ari den Ingurumen Esparru Programa berrian parte hartzera animatu ditu Haur eta Gazteen Estatuko II. Konferentzian (Confint) parte hartuko duten gazteak. Topaketa hori Bartzelonan izango da aurten.
Urkulluren esanetan, "Ingurumen Esparru Programa berria osatzeko ezinbestekoa da gizarteak parte hartzea, eta, partaidetza horren barruan, gure gazteek asko dute esateko". "Gazteria hori zuek ordezkatzen duzue", adierazi die.
Euskadiko zazpi ikastetxetako 21 neska-mutikok ingurumena hobetzeko hainbat ideia aurkeztu dizkiete Urkulluri eta Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Poitikako sailburuari. "Egin dizkiguzuen proposamenek eta gerora praktikan egingo dituzuen beste askok bermatzen dute Euskadi modu jasangarrian garatuko dela, naturarekin harmonian eta orekan, gure herritarrekin modu bidezkoan", esan die Urkulluk.
Euskadiko hautatuak azaroaren 12tik 15era joango dira Bartzelonara, Nazioarteko Konferentzian parte hartzeko. Ekimenaren helburua gizartearekin eta ingurumenarekin lotutako gaietako esperientziak trukatzea da, hezkuntzaren eta gizartearen partaidetzaren bidez. Halaber, ekimenarekin lortu nahi da ahalik eta gazte, irakasle eta talde gehienak beren egitea planetarekin lotutako erantzukizunak, eta Garapen Jasangarriaren aldeko Hezkuntzaren Hamarkada (Nazio Batuak/UNESCO) indartzen laguntzea mundu zabalean.
Confint sendotutako prozesua da. Euskadiko ikastetxe jasangarrietako (IRAES 21) 86 gaztek V. Euskal Confint egin zuten aurtengo apirilaren 2an Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroan, Busturian (Bizkai). Bertan, ikastetxeetako Confint saioetan lortutako esperientziak trukatu zituzten, gazteek hiriekin eta udalerriekin nolako harremanak dituzten aztertzeko, Estatuko II. Confint saiorako ideiak planteatu zituzten, eta demokratikoki aukeratu zituzten beren lanak, ideiak eta proposamenak ondoen ordezkatzen zituztenak.
Euskal ordezkariak ikastetxe hauetatik joango dira: Axular BHI (Santurtzi), Beurko BHI (Barakaldo), Elgoibar Ikastola, Elorrio BHI, Lauro Ikastola (Loiu), Orobiogoita BHI (Iurreta) eta San Jose Floreaga (Azkoitia).
--
Hemendik hartuta: http://www.europapress.es/euskera/noticia-urkulluk-ingurumen-esparru-programa-berrian-parte-hartzera-animatu-ditu-gazteak-20140603171331.html
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Zure komentarioa, iritzia, proposamena... hemen idatz dezakezu: