2014/06/03

Iñigo Urkullu lehendakariak Ingurumen Esparru Programa berrian parte hartzera animatu ditu gazteak

Iñigo Urkullu lehendakariak Jaurlaritza prestatzen ari den Ingurumen Esparru Programa berrian parte hartzera animatu ditu Haur eta Gazteen Estatuko II. Konferentzian parte hartuko duten gazteak (Estatuko II. Confint). Esandako konferentzia Bartzelonan izango da aurten. Lehendakariaren esanetan, «Ingurumen Esparru Programa berria osatzeko ezinbestekoa da gizarteak parte hartzea, eta, partaidetza horren barruan, gure gazteek asko dute esateko». «Gazteria hori zuek ordezkatzen duzue».

Euskadiko zazpi ikastetxetako 21 neska-mutikok hainbat ideia aurkeztu dizkiete Urkullu lehendakariari eta Oregi sailburuari ingurumena hobetzeko. «Egin dizkiguzuen proposamenek eta gerora praktikan egingo dituzuen beste askok bermatzen dute Euskadi modu jasangarrian garatuko dela, naturarekin harmonian eta orekan, gure herritarrekin modu bidezkoan», adierazi die Urkullu lehendakariak.


Euskadiko hautatuak azaroaren 12tik 15era joango dira Bartzelonara, Nazioarteko Konferentziara. Ekimen honen helburua gizartearekin eta ingurumenarekin lotutako auzietako esperientziak trukatzea da, hezkuntzaren eta gizartearen partaidetzaren bidez. Halaber, ekimen honekin lortu nahi da ahalik eta gazte, irakasle eta talde gehienak beren egitea planetarekin lotutako erantzukizunak, eta Garapen Jasangarriaren aldeko Hezkuntzaren Hamarkada (Nazio Batuak/UNESCO) indartzen laguntzea mundu zabalean.

V EUSKAL CONFINT

Confint errotutako prozesua da. Euskadiko ikastetxe jasangarrietako (IRAES 21) 86 gaztek V. Euskal Confint egin zuten 2014ko apirilaren 2an Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroan, Busturian.  Bertan, ikastetxeetako Confint saioetan lortutako esperientziak trukatu zituzten, gazteek hiriekin eta udalerriekin zer-nolako harremanak dituzten aztertzeko, Estatuko II. Confint saiorako ideiak planteatu zituzten, eta demokratikoki aukeratu zituzten beren lanak, ideiak eta proposamenak ondoen ordezkatzen zituztenak.

Euskal ordezkariak ikastetxe hauetatik joango dira: BHI (Santurtzi), Beurko BHI (Barakaldo), Elgoibar Ikastola, Elorrio BHI (Elorrio), Lauro Ikastola (Loiu), Orobiogoita BHI (Iurreta) eta San José Floreaga (Azkoitia).


---
Hemendik hartuta: https://www.irekia.euskadi.net/eu/news/19962-inigo-urkullu-lehendakariak-ingurumen-esparru-programa-berrian-parte-hartzera-animatu-ditu-gazteak

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Zure komentarioa, iritzia, proposamena... hemen idatz dezakezu: